Marruma elkartea

Marruma Elkartea

Aurten 36 urte izango dira Kale Berriko 12.ean taberna eta elkarte  bat ireki zenetik. Ez da makala denbora hori guztia ezagutu izana, ikusita ostalaritzaren gorabeherak. Baina toki hori taberna bat baino gehiago da. Askoz gehiago. Ederki edan eta jan daitekeen lekua izateaz gain, Gros auzoan euskal independentista eta sozialisten topagune da, itxaropen eta ilusioz beteriko gunea, eztabaida, irri eta negar egin den lekua. Hitz batean, Marruma.

1988an izan zen Groseko Ezker Abertzaleko kideak elkartu eta erabaki zutela auzoak Herriko taberna bat behar zuela, Donostiako ta Euskal Herriko beste tokietan bezala. Aita Larrokako auzo elkartean izan zen bilera. Izen bat eman behar zitzaion lokalari, eta proposamen ezberdinen artean (Aizkora, Izar Gorri…) Marruma izan zen bozka gehien jaso zituena.


Marruma hasiera-hasieratik inurritegi baten itxura hartu zuen, aktibitate bizia arnasten baitzen bertan, mota guztietakoa: Bilerak, eztabaidak, asanbladak, bazkariak, afariak, hitzaldiak… Erreferentzia gunea bilakatu zen auzoan eta Donostian ere. Giroa bereziki edertzen zen hauteskunde kanpainetan, auzoko konpromezu maila ezberdineko lagun guztiak zeregin bat aurkitzen baitzuten: Etxekoandreak bozkatzeko paperak gutunazaletan sartzen, gazteak pankartak eta pankartak egiten, afariak bereziki alaiak izaten ziren, mugimendu zabal baten parte sentiarazten ziguten konplizitate une haiek…

Borrokatzeaz gain ondo pasatzen bagenekien, eta Marruma euskarri oso garrantzitsua izan zen Groseko lehen jaiak abian jartzeko. 1991 hartatik auzoko Zipotz jaiek 32 urte igaro dira baita ere, eta Marruma zeresan handia izan zuen ekimen hartan.

Behin baino gehiagotan itxi, beste hainbestetan berpiztu, Groseko paisaiaren parte ezinbestez, ezkertiar eta abertzaleen elkargune. Tanborrada eta Kulturalak, afari solidarioak, pertsonaia ospetsuen presentziaren lekuko (Pablo Milanes abeslari kubatarra, Carlos Mejia Godoy nikaraguar musikaria, Irlandako errepublikarrak, feministak, gazteak, zaharrak, internazionalistak, sindikalistak…), askoon bizitzaren pasarte garrantzitsuen eskenatokia. Luze idatzi daiteke Marrumaz, baino ziur egon beti motz geratuko litzatekeela kontakizuna. Zorionak bada, Marruma! Taberna, topagune, lubaki, festa, eskenatoki, ametsen habia, iraultzaile belaunaldien katebegia.